Jatorria eta Zergatia

“Ikusmen Murriztua Dut” bereizgarria (“TBV”, gaztelerazko bere hizkiak), Estatu espainiarrean, ikusmen-urritasunak dituzten pertsonen hainbat erakundek ikusiriko beharrari erantzuteko sortu zen; hain zuzen ere, guztiz itsuak ez izan arren, ikusmen-arazo larriak dituzten pertsonen existentzia eta egoera mahai gainean jartzea. Tresna honek gizartearen aurrean ikusmen murriztua duten gizon-emakumeak ikusgarriagoak bilakatzea du helburu eta, bidenabar, pertsona hauek dituzten zailtasunen aurrean gainerakoek beraien ulergarritasuna eta laguntza eskaintza, guztion arteko interakzio soziala erraztuz.

Biztanleriaren gehiengo zabal batek ikusmena izaten edo izaten ez den zerbait dela uste du eta, gainera, ikusmen-arazoak betaurreko edota ebakuntzarekin zuzen daitekeen pentsamoldea oso hedatua dago. Kanpotik ikusita, pertsona bera zenbait egoeratan normaltasun osoz jardutea eta bestetan, berriz, laguntza edo bastoi baten laguntza behar izatea ulertzen zaila suertatzen da. Horrela, ikus-eremuari eragiten dioten zailtasunak – “tuneleko ikusmena” deritzona – bereziki ulergaitzak dira, izan ere, orientatu eta mugitzeko laguntza behar duen pertsonak egunkaria irakurri edota telefono-mugikorra begira dezake.

Egunerokotasunak barnebiltzen dituen jarduera ezberdinetan, ikusmen-urritasunen bat dugun pertsonok sarri gainerakoek gaizki ulertu edo interpretatzen gaituztenaren susmoa dugu. Horrela gertatzen da, beraien aburuz, motelegi mugitu edo jokamolde arraroak izaten ditugunean. Beraien begietan inolako anomaliarik adierazi ez arren ikusmen-urritasunak dituzten pertsonen kasuan ohikoagoak izaten dira aurrez aipaturiko egoerak, izan ere, zuzen begira dezakete, ez daramate betaurreko ilunik eta, gainera, soinean ez daramate gainerakoei ikusmen-zailtasunen bat dutela jakinaraz diezaiekeen bestelako ikurrik.

Ikusmen murriztua dugun pertsona bezala identifikatuz ikusgarri bilakatzen lagun ziezagukeen sistemaren bat asmatzea planteiatu genuen, eta Alemania eta Austria bezalako zenbait herrialde europearretan dagoeneko funtzionatzen duen txapa eta besoko itxurako ikurretan pentsatu genuen. Sarri xede berbera bastoi txuriarekin erdiesten da ikusmen-urritasunen bat dugula adierazteko balio baitezake eta, gainera, oztopoak topatu eta ekiditeko balio du. Hala eta guztiz ere, bastoi txuria guztiz itsua den gizon-emakumearekin lotzen da eta ikusmen normala duten pertsonen gehiengoak, erabateko itsutasuna erakarri ez arren, eguneroko jarduerak burutzeko zailtasunak sortzen dituzten begi-gaixotasun ugariren existentzia ez du ezagutzen.

“Ikusmen Murriztua Dut” bereizgarriarekin gizarteak oro har gu identifikatu eta izan ditzakegun hainbat jokaera – besteak beste, oinez goazenean ez alboratzea, zenbait kasutan laguntza behar izatea, ezagun bat ez agurtzea edota erraztasunez tupust egitea – ulertzea eta, hortaz, interpretazio okerrak (a zer nolako lotsagabea, mozkor dago, …) sahiestea erdietsi nahi dugu.

Erabilgarria izateaz gain bastoi txuria osa dezakeen sistema bat dela uste dugu. Izan ere, bastoia erabili ohi dutenek ezagutzen dituzten edota ondo argituriko inguruetan tresna honen beharrik ez izanagatik, ikusmen-urritasunen bat duten pertsona bezala identifikatuak izatea komeni dakieke, bi eskuak aske edukitzearen abantailarekin (esate baterako, supermerkatuan erosketak egiteko).

Inolako irabazi-asmorik ez duen ekimena da eta proiektu honi atxikirik dauden pertsona edota elkarteetako bakar batek ere ez du bereizgarrien salmentetatik eratorririko inolako irabazi ekonomikorik. Txapa eta besokoaren prezioak ekoizpen- eta bidalketa-kostua estaltzen du, eta kanpaina honi loturiko edozein dohaintza edota diru-laguntza oso-osorik tresna honen ezagutza eta erabileraren hedapen eta zabalkuntzara bideratzen da.

Nori zuzenduta dago?
Bereizgarri honen erabilera, geratzen zaion ikusmen erabilgarria edo urritasuna eragiten dion jatorrizko patologia aintzat hartu gabe, ikusmen murriztua duen pertsona dela jakinaraztea garrantzitsua eta beharrezkoa dela uste duen edozein gizon-emakumeri gomendatzen zaio. Era berean, guztiz itsuak ez direnaren adierazgarri gisa, bastoi txuriaren osagarri bezala erabili nahi dutenei ere zuzenduta dago.

Eska ezazu zure bereizgarria
Ordainketa-pasarelara lotura